BERTSO ESKOLEN EGUNA!

Bertso Eskola guztiok, bertso bizitza propioa izateaz gain, egun bat izaten dogu urtero, gure bizipenak elkar banatzeko. Bertsozale Elkartearen eskutik dator ekimena, eta aurten paraje-paraje suertatu zaigu,; non eta Portugaleten, edo uribekostarrok esaten dugun moduan, "Pórtalten". Irailaren 17an egongo gara! 

 

Aurten izan duen harrera ikusita, Bertsotruk ekimenak ere izango du jarraipena datorren ikasturtean, eta Portugaleteko hitzordua izango du abiapuntu.

Goiztiar dator 2016ko Euskal Herriko Bertso Eskolen Eguna: irailaren 17an izango da, Portugaleten. Honenbestez, adi oporretatik bueltan, irailaren hasieran eskainiko baitira egitarauaren inguruko xehetasun gehiago eta irailaren 2tik 12ra jarriko baitira eskuragai bazkaritarako txartelak www.bertsosarrerak.eus webgunean, 15 euroren truke.

Bertsotruk ekimenak segida izango du. Balorazioa ona izan du Bertsotrukek eta horren ondorioz hurrengo ikasturtean egitasmoak jarraipena izango duela erabaki dute Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeko kideek. Portugaleten bertan abiatuko da bigarren edizioa. 

Iaz, bertso-eskolen arteko harremanak sustatzeko helburuarekin sortu zuen Bertsotruk ekimena Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak eta azaroaren 14an Agurainen ospatu zen Bertso Eskolen Egunean eman zitzaion hasiera. Guztira, Euskal Herri osoko 26 bertso eskolak hartu dute parte eta saioen formatua parte-hartzaile ziren bertso-eskolek erabaki dute. Lehenengo edizio honetan 30 saio izan dira ondorengo herrietan: Etxarri-Aranatz, Alegia, Markina-Xemein, Oñati, Irun, Mungia, Iurreta, Mañaria, Barakaldo, Gasteiz, Barañain, Legorreta, Gabiria, Orio, Zumarraga, Oñati, Zarautz, Bergara, Lesaka, Aramaio, Arantza, Irun, Lasarte-Oria, Erandio, Gernika-Lumo, Hernani, Azkoitia, Ordizia eta Larrabetzu.

Ekimenaren jarraipena Bertsolaritzaren Datu Basearen eta www.bertsoa.eus webgunearen bidez egin ahal izango da.