Irailaren 18an Hitzaren Dantza kalera bueltatuko da

Irailaren 18an, goizeko 11:00etatik aurrera, Algortako plazak eta kaleak bertsoz, doinuz eta dantzaz beteko dira HITZAREN DANTZAn. Bi urteren ostean, ZAZPI JAUZI KALEJIRA formatua berreskuratuko dugu, Algortako zazpi plazetan bertsotan, dantzan eta kantuan egiteko Uribe Kostako dantza eta kanta taldeen laguntzaz. Animatu zeuek ere hitza dantzan jartzera!

Egitaraua:

Goizeko 11:00etan Villaondoetako plazan elkartuko gara, euskal jai koloretsu honi hasiera emateko. Bertan, txalapartak zabalduko digu bidea, kalejira bertsoz, kantuz eta dantzaz janzteko, Txilibita fanfarrearen musikaz lagunduta. Hortik aurrera, hauexek izango dira ibilbidea markatuko duten gune nagusiak, bai eta erreferentziazko ordutegia ere:

11:00 Villaondoeta (Arabako kantak eta dantzak)

11:30 Villamonte (Zuberoako kantak eta dantzak)

12:00 Alangobarri (Nafarroa garaiko kantak eta dantzak)

12:30 Satistegi (Lapurdiko kantak eta dantzak)

13:00 Tellagorri (Gipuzkoako kantak eta dantzak)

13:30 Portu Zaharra (Bizkaiko kantak eta dantzak)

14:00 Telletxe (Nafarroa Behereko kantak eta dantzak)

 

Gune guztietan egongo dira bertsoak, kantak eta dantzak (eskuorriak banatuko dira tokian-tokian, kantatuko diren abestien hitzekin). Baita sorpresak ere. Gune bakoitzean herrialde bateko kantak eta dantzak egingo dira. 15:00etan, kalejira osoa amaitu ondoren, San Nikolas plazan batuko gara guztiok eta herri-bazkaria izango dugu bertako pilotalekuan.

Bazkaltzera geratu nahi duen edonork aurretik izena eman beharko du ALBEko telefonora deituz (605 704 385) edo email bat bidaliz (Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.). Bazkariaren prezioa 15€ izango da. Izena emateko epea irailaren 14an bukatzen da (barne).

 

Bazkalostean bertso saioa egongo da Oihana Iguaran, Jon Maia eta Peio Lagoreren eskutik. Ondoren denok parte hartzeko kanta saioa izango dugu. Mahaitik altxatutakoan, familia-argazkia egingo dugu eta 18:00etan erromeria alaia izango dugu Luhartz taldearekin, 20:30ak arte.

Egun osoan zehar, HITZAREN DANTZAko zapi bereziak egongo dira salgai 2€-tan.

 

Era bi daude egun honetan parte hartzeko:

1) Talde moduan: dantza taldeak, kantu taldeak, euskal musika taldeak... Parte hartze mota hau aurretik adosten da ALBEko antolatzaileekin, eta animatuz gero, elkartearen logoa sartzen da.

2) Banakako eran: Edonor anima daiteke kalejirara etortzen, guneetan kantatzen edota dantzatzen, San Nikolas frontoian bazkaltzen (aurretik izena emanez gero), edota erromerian dantzatzen. Eta dena dohainik (eguerdiko bazkaria izan ezik). Jantzi konbinazio guztiak onartzen dira: dantzari, arrantzale, baserritar...

Eskatzen dugun bakarra da "euskararen chip-a" jarrita ekartzea, EUSKAL kulturaren adierazpen aniztun eta koloretsu hau benetan 'EUSKAL' izan dadin.