IÑAXI ETXABE: AGUR ETA OHORE!!!

Iñaxi Etxabe Oliden bertsojartzaile eta bertsolari zumaiarra uztailaren 11n joan zitzaigun. Haren izena urrez grabatuta gelditu da bertsolaritzaren historian, garairik zailenetan bertsoak idatzi eta kantatu ez ezik, aurre egin baizien emakumezko bertsolarien aurkako jarrera erasokorrei. Bihoakio hemendik gure esker onik eta bihozkorrena.  Beti arte, Iñaxi!

Iñaxiren biografia errepasatuz jakin dugu aspalditxo bertsoak kantatu omen zituela Algortan, herri mezaren batean edo. Baina guk aurrez aurre ezagutu 2005eko abenduan egin genuen, 2000tik urtero egin ohi dugun bertso galetako batean. Urte hartakoan Euskal Herriko bertso-jartzaileak AHOBI banarekin saritzea otu zitzaigun eta, ondo dokumentatu ostean, Iñaxi Etxabe taldean sartzea erabaki genuen. Esan beharrik ez dago ikaragarri gozatu genuela Iñaxiren kontu eta kantuekin, bai eta beraren berezko zalotasun eta dotoreziarekin ere!

Inaxi Etxabe

Horra, beraz, gure bertsozko agur apala:

Oikiako Iñaxi,
bertsotan ahaldun,
guztiontzat eredu
atzo eta egun.
Bi mila ta bostean
omendu zintugun
AHOBI bat emanez,
merezi baiztendun,
baina izango gara
beti zure zordun!

 

Iñaxi apur bat hobeto ezagutzeko, eta batez ere, beraren bertsoen bidez ezagutzeko, berak jarritako bertso batzuk transkribatu ditugu, denon mira eta gozamenerako.

Dirudienez Basarri bertsolariak “Aitonaren malkoak” izeneko bertsoak idatzi zituen 1955ean, eta Etxaberi bertsolari errezildarrak idatzitako bertso haietan emakumeen inguruan esaten zituenak ez zitzaizkion batere gustatu. Halaxe bada, zer egingo eta hori dela-eta Baserriri bertso batzuk jartzea pentsatu zuen. Pentsatu eta egin! Urte berean idatzi zituen, Baserriri erantzunez, sei bertso antologiko hauek. Sakatu hemen bertsoetara joateko.