ALBE eguna -izenak berak adierazten duenez- eskolaren eguna da, eta aspalditxotik egiten dugu. Egun horren helburua, batetik ALBE familia batzea da, eta bestetik, bertso-familia hori osatzen dugun belaunaldien erakustalditxoa izatea. Egitaraua antzekoa izan ohi da beti. Goiz beranduan bertso-poteoa, trikitrixa, alboka, pandero eta enparauen laguntzaz; eguerdian bazkaria, eta bazkalostean ALBEkideon bertsoak, herri-musikaz tartekaturik. Urteurren urteetan, ALBE egunak aparteko esangura eta indarra hartzen du. ALBEren 20. urteurrenean (2000n), Plentziako Gurea jatetxean egin genuen ALBE eguna; 25. urteurrenean (2005ean), berriz, Algortako Bidebitarte txokoan; eta 35. urteurrenean (2015ean), Algortako sagardotegian. Azken edizioan, bertso-giro aparta egoteaz gain, erakustaldi bikaina egon zen eskolakideen aldetik. Gaztetxoek, helduek eta beteranoek ez zioten atsedenik eman mikrofonoari, eta argi eta garbi erakutsi zuten gurean ez dela belaunaldien arteko etenik gertatu.