Ekainaren 3tik 6ra hainbat ekintza antolatu ditu Erandiogoikoko jai-batzordeak, jaiak ospatzeko. Horien artean, ekainaren 5ean, larunbatean, bertso saioa egongo da Goikolanda plazan. 18:00etan, Arrate Illaro, Inazio Vidal, Ander Elortegi eta Oihan Diaz bertsotan arituko dira, Xabi Sainz de la Mazaren gidaritzapean.
Datorren ekainaren 19an, larunbatean, aurtengo ALBE EGUNA ospatuko du ALBEk. Aurtengo ospakizuna Areeta, Lamiako eta Leioa artekoa izango da. Itsasontziz itsasadarretik buelta bat eman, Leioaraino ibilaldi girotua egin eta Mendibile jatetxean bazkaltzeko aukera izango dute ALBEkideek, besteak beste, 20 eurotan. Apuntatzeko epea ekainaren 6ra arte izango da. Ez galdu aukera!
Ekia gainean eta bertsolariak plazan. Hala behar zuen eta hala izango da, egoerak egoera eta mugak muga. ALBEko bertsolariak han-hemengo plazetan izango dira kantari. Hurreratu saioetara bertsoz elikatzera, euskal harriak ez dezan goroldiorik bil.
Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala Igorren jokatu zen maiatzaren 29an. Araitz Katarain, Ixone Asategi, Izaro Bilbao, Janire Arrizabalaga, Jokin Ansotegi, eta ALBEko June Diaz, Maialen Lago eta Peio Lago bertsolariak lehiatu ziren larunbatean. Buruz burukora Janire eta June sailkatu ziren, Euskal Herriko Eskolarteko finalean lehiatzeko txartela lortuz. Azkenean, Janire Arrizabalagak jantzi zuen txapela, puntu gehien irabazi ostean.