Tik-tak, tik-tak… uztailean hasi zen Bertso Jaialdi Mundialerako atzerako kontaketa… tik-tak, tik-tak… airean betiko galdera: aurtengoan zer gai egokituko? Tik-tak, tik-tak… Uztailaren 11 egutegian gorriztatu… tik-tak, tik-tak… lagunekin geratu: Mundialera bai, ezta? Galdetzea ere! Ez nuke ezergatik ere galduko! Tik-tak, tik-tak… Karpa begibistan, barruan aterpe gozoa, giroan poza, zalantza, ezinegona… tik-tak, tik-tak… Jarleku ona, konpainia hobea, eta onena etortzeko… tik-tak, tik-tak. Argiak, soinua, erlojuaren orratz txikia 9an eta handia 12an. Mirenen ahots gozoa entzuleen belarrietan urre. Mundua lotu bedi. Ordu pare batez bertsolarien, gaijartzaileen eta ALBEko antolatzaileen magiaren mirabe. Gozatzea lege.
Lehenengo minututik aurrera, dena ematera datozen sei bertsolariren artelanaren erakustaldia. Gaia, azpigaiak, zehar-gaiak, dena berdina eta dena desberdina. Entzuleek nahiko lan, txaloak, barreak eta zurrutadak tartekatzen. Gaien osagarri atrezzo zoragarria, mimoz landua, ALBEko antolatzaileek trabetasun handiz eroan-ekarrita. Erloju suitzar baten zehaztasuna. Dena bertsolarientzat, dena entzuleentzat, dena zuentzat eta guretzat.
‘Lagun onagaz, orduak labur!’ dio esaera zaharrak. Eta ikuskizun mundialagaz, are laburrago, esan liteke. Ideiak, pentsamenduak, planteamenduen originaltasuna… Erronka latza bertsolarientzat. Baina ordaina ere tamainakoa: mila lagunen txaloak, miresmena eta konplizitatea. Eta bertsolariek badakite hori. Mundialera datorren bertsolariak ondotxo daki zertara datorren: erronka bikoitza, esker-on hirukoitza!
Ofizio mundialak, enfoke ausartak, teknologia berrien alardea, interaktibotasuna, irudia eta hitza, testua eta testuingurua, laguntzaile andanaren lan isila, bertsolarien jarrera txalogarria… eta guztiaren batuketa, MUN-DI-A-LA!!!
Ordu eta laurden di-da igaro da. Karpa erraldoia bertsogune bizi bilakatu da: oholtza, harmailak, karrajuak eta aulkiak. Oro bihurtzen da eszenatoki Bertso Jaialdi Mundialean. Amaitutakoan, irteerarantz zuzentzean konturatzen zara zer jendetza egon den bertan, gorputzez geldi baina buru-bihotzez hegan. Orduantxe konturatzen zara Bertso Jaialdi Mundiala deitu ohi diogun hau, bertsosaio bat baino askoz gehiago dela. Hargatik da erreferentzia nagusi Euskal Herriko udako bertso-ekitaldien artean. Hargatik dator jendea, inguruetatik ez ezik, baita beste herrialdeetatik ere. Eta hala izan dadila urte askoan! Guk ere, sanferminetan legez, hurrengo urterako atzerako kontaketan hasi gara: 365, 364, 363…
Eta gaia? Azkenean ez dugu gaia esan! Edo bai… Adi egotea da kontua. Sar zaitezte zuek ere udako bertso jolasik erakargarrienean. Ez egin huts hurrengo Mundialean, eta ez gara futbolaz ari, noski;-P