GORLIZKO JAIALDIA: FRESKOA BEZAIN SENDOA!

Euskal Herriko haizea dakar Gorlizko santiagotako bertso jaialdi tradizio handikoak. Nafarroa, Gipuzkoa, Iparraldea eta Bizkaia egongo dira ordezkaturik, Maite Berrizabal gaijartzaile ezagunak gidatuko duen saioan. ALBEko Paule Loizaga izango da bizkaitarren ordezkaria, eta aukera polita izango dugu sopeloztar gaztearen bertso-heldutasunaren lagin bat jasotzeko. Erduze Gorlizera!

Urte asko joan dira Gorlizko Santiago jaietan bertso jaialdia antolatzen hasi ginenetik. Hango Kultur Etxearekin elkarlanean eta Jone Gurrutxagaren bitartez, bertso jaialdi itzelak egin izan dira Gorlizko udalerri itsastarrean! Hasierako saioak elizako plazan egin genituen, eta jendetza polita batzen zen Peña, Sarasua eta enparauen bertsoak entzutera. Gero, barrakak direla eta ez direla, ekitaldia Iberre Barri plazara eroan zen. Han ere saio gogoangarriak egin izan dira, plaza betekoak, denak ere. Baina aspaldion lehengo tokira itzuli gara, zarata arazoak konponduta, eta ezin esan emaitza txarra izan denik. Jende asko batzen da, bertako zein udatiar, bertsolarien lan ederraz gozatzera. Aurtengoan ere, oso kartel erakargarriarekin, ohiko mailari eutsiko zaion zalantza izpirik ere ez daukagu. Zatoz eta zuk zeuk egiaztatu!

 

Eguna: Uztailaren 26a, asteazkena

Ordua: 20:00

Tokia: Gorliz. Elizako plaza

Bertsolariak:

Julio Soto

Jon Maia

Odei Barroso

Paule Loizaga

Gai jartzailea: Maite Berriozabal