Udazkenaren atarian, irailaren 21ean, domekaz, Algortako bazterrak bat-bateko bertsoz eta Euskal Herri osoko abesti zein dantzekin jantziko dira, HITZAREN DANTZA ekimenaren 11. edizioan. Euskara eta euskal kultura lokarri direla, egunpasa itzela egingo dugu. Animatu zeuek ere hitza dantzan jartzera!
Egitaraua:
ZAZPI JAUZI KALEJIRA
Goizeko 11:00etan hasita, kalejira bizia egingo dugu Algortan zehar, Txilibita fanfarrearen musikaz lagunduta. Zazpi gunetan lotuko gara Aitor Mendiluzeren eta Sebastian Lizasoren bertsoak entzuteko, Josu Zarateren gidaritzapean Euskal Herri osoko kantak abesteko eta Iñaki Egurenen zuzendaritzapean gure betiko euskal dantzak dantzatzeko. Zazpi guneotan, gainera, Altxa taldeko txalapartarien ttakun kuttunak izango ditugu lagun.
Hortik gora, hauexek izango dira ibilbidea markatuko duten gune nagusiak, bai eta erreferentziazko ordutegia ere:
11:00 Basarrate parkea (bertsoak, ARABAko kantak eta dantzak)
11:30 Villamonte plaza (bertsoak, LAPURDIko kantak eta dantzak)
12:00 Manuel Gainza parkea (bertsoak, NAFARROA GARAIko kantak eta dantzak)
12:30 Satistegi plaza (bertsoak, ZUBEROAko kantak eta dantzak)
13:00 Tellagorri plaza (bertsoak, BIZKAIko kantak eta dantzak)
13:30 Portu Zaharra (bertsoak, GIPUZKOAko kantak eta dantzak)
14:00 Telletxe plaza (bertsoak, NAFARROA BEHEREko kantak eta dantzak). Goizeko kalejira amaitzeko, Zazpi jauzi dantza dantzatuko dugu eta familia argazkia egingo dugu parte hartzaile guztiekin.
Gune guztietan eskuorriak banatuko dira kantatuko diren abestien hitzekin. Ibilbidean zehar, Hitzaren Dantzako zapi bereziak ere salduko dira 2€-tan.
Edonork har dezake parte kalejira herrikoi honetan. Euskal jantzien edozein konbinazio onartuko da. Aho bizia ekarri, eta mingain dantzaria!
BAZKARIA
Aurton bazkaria Saniko tabernan egingo dugu. Interesatuok jarri lehenbailehen gurekin harremanetan, aforoa oso txikia baita.
BERTSO SAIOA
17:00etan, San Nikolas plazan bertso saioa izango dugu Paule Loizaga, June Diaz, Aitor Mendiluze eta Sebastian Lizaso bertsolariekin, eta Unai Mendiburuk gidatuko du bertso saioa.
ERROMERIA
18:00etan Luhartz taldeko musikari beteranoek San Nikolas plaza San Nikolas dantza-plaza bihurtuko dute 20:00ak arte.
PARTE HARTZEKO ERAK
Era bi daude egun honetan parte hartzeko:
1) Talde moduan: dantza taldeak, kantu taldeak, euskal musika taldeak... Parte hartze mota hau aurretik adosten da ALBEko antolatzaileekin, eta nahi izanez gero, elkartearen logoa ere sartzea dago kartel zein eskuorrietan.
2) Banakako eran: edonor anima daiteke kalejirara etortzen, guneetan kantatzen edota dantzatzen. Aurten bazkaria Saniko tabernan egingo dugu, eta oso toki mugatua dago. Bazkaltzeko tokirik ez bada, hurrengo hitzordua San Nikolas plazan dago, 17:00etan bertso saioa egingo baitugu, erromeriaren atariko. Janzkerari dagokionez, jantzi konbinazio guztiak onartzen dira: dantzari, arrantzale, baserritar...
Eskatzen dugun bakarra da egun horretan (ere) euskal hitza dantzatzeko, hau da, EUSKARAZ EGITEKO, nork bere mailan eta eran, euskal kulturaren adierazpen eder hau benetan 'EUSKAL' izan dadin.
Gora HITZAREN DANTZA!