MIKROnika
Saio ederra, luzea eta mamitsua. Gaiak ugariak eta onak. Bertsolarien maila sano ona eta euren jarrera ere aparta. Lehenengo atalaren ostean, Beñat Gaztelumendi, Jone Uria, Maialen Arzallus eta Asier Azpiroz sailkatu ziren. Gero, Maialenek eta Asierrek jokatu zuten buruz burukoa. Azkenean, Asier Azpiroz “Azpi” bertsolari donostiarra gailendu zen. Bertsoak entzuleek epaitu zituzten, argazkidun txartelen bitartez. AZKEN EPAIAren berri Peio Arondo bertsolari ALBEkideak eman zuen BERTSOZ, antzinako txapelketa eta desafioetan egiten zen moduan. 75 bertsozale batu ziren Abian elkartean. Afaria ederra eta giroa ezinhobea.
Zortzi partehartzaileei oraigarri bana (orain arteko 13 edizioetako txapeldunen argazkiak urteurreneko logoaren inguruan biltzen zituen koadroa) eman zieten Nagore Iriondo eta Iñaki Benito del Valle ALBEkide historikoek. Saioko irabazleari ALBEren sortzaile eta ALBEko egungo lehendakari Trino Azkoitiak eman zion ondo merezitako MAKILA.
Ekitaldia ALBEren 35. urteurreneko batzordearen koordinatzaile Joseba Santxok aurkeztu zuen, eta bertsosaioa Beñat Vidal ALBEkide ezagunak gidatu zuen maisutasun handiz. Ariketak eta gaiak hartarako beren-beregi eratutako gaijartzaile-taldeak prestatu zituen: Imanol Uria, Peio Arondo, Olatz Larrinaga, Aritz Landeta, Maider Barañano, Paule Loizaga, Galder Bilbao “Txapi”, Arrate Illaro eta Beñat Vidal. Antolakuntzan-eta beste hainbat ALBEkide aritu ziren. Balantze orokorra, beraz, bikaina, 35. urteurren bati dagokion tamainakoa!
BERTSOLARIAK
Jone Uria
Beñat Gaztelumendi
Maialen Arzallus
Asier Azpiroz
Jon Martin
Endika Igatzabal
Nuria Kortazar
Nerea Ibaizabal