Bertso-eskolentzako atari berria!

Atari berri bat jarri du martxan Bertsozale Elkarteak: Bertsoeskola.eus. Euskal Herri osoko bertso-eskolentzako topagunea izango da, edukia eta berriak partekatu eta zabaltzeko diseinatua.

 

 Bi helburu nagusi ditu:

Barrura begira, internetetik sakabanatuta egon den material lagungarria leku bakarrean batu du eskolei asteroko lana errazteko. Ume zein heldu, hasiberri zein beterano, ikasle zein irakasle, atariko materiala edonorentzako da erabilgarria: gaitegia, doinutegia, errimategia, bertso jarriak, teknika lantzeko fitxak … Ganbara atalean bertso saioen grabazioak eta transkripzioak ere egongo dira, erreferentzia moduan hartzeko. Bertso-eskolentzako interesgarria izan daitekeen informazioa ere argitaratuko dute: ekintzak, berriak, saioak antolatzeko baliabideak…

Kanpora begira, eskolek haien ekintzak eta berriak aditzera emateko plataforma izango dute, bertsozaleei haien ekarpenak erakusteko eta beste eskolekin harremanetan jartzeko aproposa izango dena.

Ataria zabalik dago eta material guztia ikusgai du dagoeneko. Bertso-eskolek izena eman eta haien edukia igotzen duten heinean, webgunea aberasten joango da.