ANDER DEUNAKO SUMMER CAMP

Uztailaren 5eko gauean Ander Deuna Ikastolako ingeles udalekua plaza bihurturik, gazteak bertso girora ekartzeko saiakera egin genuen. Bertan Iñigo Kortazar, Galder Bilbao “Txapi”, Beñat Torres eta Josu Landeta ibili ziren kantari. Publikoa bitxia inondik ere, denak 13 -15 urteen arteko neska-mutilak, uneoro saioari adi ibili zirenak. Gaiak gazteetako batzuek prestatu zituzten, eta denak udaleku giroko egoeren ingurukoak izan ziren.

Arratsaldeko zortzietan bertsolariak agertu ziren ikastolan. Lehen uneetatik begiraleek nerabeen jakin-mina piztu zuten, kanpotik etorritako gizonak (Iñigo eta Josu) hizkuntza ohituren ikuskariak zirela esan zietenean. Ikustekoa zen neska-mutil askoren harridura, euren begiraleek egindako ingeleseko hitzaldiak elikatua.

Afalostean, gaueko 10etan saioari hasiera eman zioten. Bertsolariek agur bana bota zuten, eta une horretan bertan ikuskariak izatetik aktore izatera pasatu ziren, baina ez begiraleek aurretik jarritako rolaren aipamenik egin gabe.

Ondoren zortziko handien errondari ekin zioten, eta orduan bai bertsolariak udalekuko ikasle eta begiraleen rolak hartu zituzten. Bereziki deigarri egin zitzaien bazter batean txiza egiten ibili zen umea eta begiralea taldetik galdu zirenean, batak besteari leporatzen baitzioten galdu izanaren errua. Ikasleentzat deigarria Txapi umearen paperean sartu izana, bera begiralea izanik publikoaren arreta erakarri baitzuen.

Zortziko txikian,  Lehenik Txapik eta Beñatek begirale eta gaztearen arteko eztabaida irudikatu zuten. Horrek publiko gaztearen txaloak eta alarauak bizitu zituen, biek ala biek egundoko konexioa lortu izanik. Ikusleak gustura zeudela ikusirik, bertsolariek ere ezin gusturago luzatu zuten saioa, eta amaierara arte ikasleak adi-adi ibili ziren haien sesioa zertan amaituko zen. Ondoren Iñigo eta Josuk gaueko logeletako egoera baten irudikapenak ez zuen arreta gutxiago izan.

Bakarkako errondan, lau bertsolariei begiak estalirik esku artean objektu bat ipintzen zieten, eta horri bizpahiru bertso abestu zioten. Beharbada giroa puntu honetan pittin bat moteldu zen, baina hargatik ez zen gazteen arreta galdu. Hurrengo errondan erraz berreskuratu genuen aurreko erronden giro bizia, lau bertsolariak kopletan hasi eta oholtzatik behera aretoan zehar mikrofonoa eskuan publikoa zirikatzen hasi zirenean. Hemen ezinbestekoa izan zen bertsolari begiraleen gidaritza, haiek gazteak ezagututa beste biek jokoarekin segitzeko datu nahikoak baitzituzten. Ordu erdian zehar, bati larrutu besteari txantxa, giro ezin ederragoa sortu genuen.

Eta giro on horren gerizan heldu ginen amaierara, agurren txandara hain zuzen ere, baina kontua ez zen agur bana kantatu eta agur esateko unean amaitu, ez horixe. Izan ere, udalekuko gazteetatik batek bertso bat bota zuen Maritxu doinuan, aitzakia ederra oholtzan eserita zeuden lau bertsolariek erantzun bana emateko, zirikatu bai baina bereziki gazteari animoak emateko.

Bukatzeko, esan ez dela lehen urtea mota horretako saioa egiten duguna, eta berorietan Galder Bilbao Txapi antolatzaile ezin jaioagoa suertatu zaigu. Berari zorionak emanik eta gure esker ona erakutsirik, hurrengo udalekuetan ere halako saio gehiago egitea desio dugu.