KLASIKOAK GAUR: BIHOTZA GAZTE 2018

Azaroaren 9an Algortako AZEBARRI Kultur Txokoan eta 20:30ean hasita, ALBEk antolatutako BIHOTZA GAZTE bertso ekitaldia egingo da. Oraingoan Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe II.a eta Xabier Zeberio Zeberio I.a izango dira bertsokera klasikoaren erakustaldia egingo duten bertsolari beteranoak.

Bertsoez gain, euskal doinuak ere tartekatuko dira saioan zehar OXABIren lagunen eskutik. ALBEko gaztetxoek ere hartuko dute parte, bertsolariei puntuak eta gaiak jarriz. Sarrera librea da.

Eguna: Azaroaren 9a, ostirala

Tokia: Azebarri

Ordua: 20:30

Bertsolariak:

Juan Jose Eizmendi "Loidisaletxe II.a"

Xabier Zeberio "Zeberio I.a"

Musikariak: OXABIren lagunak

Hona hemen bertsosaioko protagonisten berri:

Xabier Zeberio Zubeldia, Zeberio I.a goitizenez ezaguna (haren anaia Nikolas dugu Zeberio II.a), 1949an jaio zen Itsasondon.
Herriko eskolan egin zituen oinarrizko ikasketak. Baserritar, baso-mutil eta fabrikako langile egin izan du lan. Bere kasa hasi zen bertso zaharrak ikasten, eta bere gogoz plazaratu zen lehen aldiz 1969an Itsasondon bertan egin zen sariketa batean. Bigarren egin zuen txapelketa hartan. Bost urte geroago, 1974an, Osinalde sarian hartu zuen parte, bai eta lehenengo saria eskuratu ere. Hurrengo urtean, 1975ean, Orixe eta Zepai sariketetan jardun zuen.

Hortik gora, 1993ko Txapelketa Nagusiko finalaurreetara ere iritsi zen.

Juan Jose Eizmendi Garmendia, Loidisaletxe II.a ezizenekoa, Errezilen jaio zen 1960an.
Antonio Mari Eizmendi Loidisaletxe bertsolariaren eta Juana Garmendiaren semea.
1960an sortu zen Errezilen Loidisaletxe baserrian. Bederatzi senidetatik zazpigarrena, hamalau urte arte eskolan ibili zen, sei urterekin hasita. Ondoren, bi urtez arrebak Eibarren duen tabernan kamarero ibili zen, eta 16 urterekin lanean hasi zen altzari-fabrika batean. 21 urte zituela fabrika itxi egin zen, eta bi urtez basoan jardun eta gero tailer mekaniko batean hasi zen lanean, 28 urte zituela. Axun Otaegirekin ezkonduta dago (1988-06-18). Geroztik hiru alaba izan dituzte: Larraitz (1988), Eneritz (1992) eta Aiora (1997). Sortu zen baserrian bertan bizi da bere emazte, alaba, ama, anaia eta osaba batekin. Aita 1990-04-01ean hil zitzaion.

Lehenengo saioa Errezilen egin zuen, 1980an, Loidi herritarra kantulagun zuela
Urte berean, Gabiriko Osinalde sarian hartu zuen parte, bertsolagun Millan Telleria, Olalde, Angel Mari Peñagarikano, Zeberio II.a eta Loidi-Txuria zituela.
Ordutik aurrera ere, hainbat sariketa eta txapelketatan jardun zuen:

- 1980, Osinalde saria: finalista eta bertsolari gazteenaren saria
- 1983, Artxanberri saria: 3. egin zuen
- 1984, Errexil saria: finalista
- 1984, Osinalde saria: 1. saria
- 1984, Errezilgo bertsolari txapelketa: txapelduna
- 1985, Artxanberri eta Patxi Errota saria (Zaldibia): finalista
- 1985, Errezilgo bertsolari txapelketa: txapelduna
- 1985, Fernando Amezketarra Herri Arteko bertsolari txapelketa: parte-hartzaile
- 1988, Aia eta mugako herrien arteko bertsolari txapelketa: 2. egin zuen