Bizkaiko gazteen txanda!

Gazteentzako aukera aparta aurtongo BBK txapelketan. Bizkaiko zortzi bertso eskualdek jokatuko dute sariketa lagunarteko lehia jatorrean eskutik helduta. Guretik ere, ohi legez, kuadrilla polita joango da.
Animo, gazteok! Zuona da plaza!!!

BBK sariketa:

2016ko edizio honetan 8 taldek hartuko dute parte: Arratiak, Busturialdeak, Durangaldeak, Enkarterri/Ezkerraldeak, Uribe-Butroek, Uribe-Kostak, Hego Uribek eta Lea-Artibaik. Talde bakoitza, gutxienez, 6 bertsolarik osatzen du, beraz, 60 bertsolari inguruk kantatuko dute aurtengoan.

Bertsolari Gazteen BBK sariketaren ezaugarri nagusienetakoa talde izaera da. Hau da, bertsolarien lana talde moduan baloratzen da, eta saio bakoitzean puntu gehien batzen duen taldeak egiten du aurrera. Talde bakoitza multzo bitan banatuta dago, adinaren arabera:

- A mailako multzoa 18 urtera arteko hiru bertsolarik osatzen dute.

- B mailako multzoa 19-24 urte bitarteko beste hiru bertsolarik.

Hona hamen saioen taula:

EGUNA ORDUA LEKUA SAIOA PARTE HARTZAILEAK
Otsailak 17 11:30 Igorre. Kultur etxean 1. kanporaketa Arratia - Busturialdea
Otsailak 23 12:00 Durango. Fray Juan de Zumarraga institutuan 2. kanporaketa Durangaldea - Enkarterri / Ezkerraldea
Otsailak 24 9:30 Sopela. Ander Deuna Ikastolan 3. kanporaketa Uribe Butroe - Uribe Kosta
Martxoak 1 11:20 Markina-Xemein. Lea-Artibai Ikastetxean 4. kanporaketa Hego Uribe - Lea-Artibai
Martxoak 2 10:45 Arratzu. Barrutialde BHI-n 1. finalaurrekoa 1. kanporaketako irabazlea - 2. kanporaketako irabazlea
Martxoak 8 10:00 Zalla. Zine antzokian 2. finalaurrekoa 3. kanporaketako irabazlea - 4. kanporaketako irabazlea
Martxoak 19 19:00 Bilbo. Bilboko Kafe Antzokian Finala 1. finalaurrekoko irabazlea - 2. finalaurrekoko irabazlea

 

Saio gehienak ikastetxeetan egiten dira, eta ikusleak, kasu denetan, ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleak izaten dira. Edozein kasutan, saioak irekiak dira, eta gura duena hurbil daiteke. Bereziki, finalera etortzeko deia luzatu dute antolatzaileek.

 Talde teknikoak:

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak gai-jartzailetza eta epailetza formazio saio laburrak eskaini ditu azkenengo urteetan. Formazio saio hauen ondoren, gai-jartzailetzan edo epailetzan jarraitzeko gogoa piztu zaienei plazak eskaintzea eta transmisio osoa bermatzea Elkartearen helburu nagusietako bat da. Sariketa honen bitartez, beraz, bertsolari gazteei lehenengo plazak eskaintzen zaizkien moduen, epaile, gai-jartzaile eta aurkezle gazteei ere plazak eskaintzen zaizkie. 

 Berrikuntzak:

- Bertsolari Gazteen BBK Sariketa, talde izaera duen sariketa da. Bertsolariek taldean parte hartzen dute, eta aurten, esan bezala, talde berri bat gehitu da sariketara. Sariketa honen helburu garrantzitsuenetako bat ahalik eta gazte gehienei plaza eskaintzea da eta aurten gora egingo du parte hartzaile kopuruak.

- Horrez gain, eta talde izaera hori indartu eta elkarren arteko harremanak sustatu guran, Txapelketarako sari nagusia talde osoarentzako plan eder bat izango da. Aurtengoan finaleko talde irabazleak garaikurrak jasoko ditu, baina ez du bestelako sari ekonomikorik jasoko. Sari nagusia, esan bezala, Txapelketan parte hartzen duten guztientzako (bertsolari, gai-jartzaile eta epaileentzako) egun osoko plan erakargarria izango da.