ALBE GALA 2015 Urteurrenaren azken traka!!!

Gure urteurren-urte hau benetan emankorra eta arrakastatsua izaten ari denez, amaiera ere halakoxea izatea gura genuke. Eta horrexegatik egin dugu ahalegin berezia aurtengo ALBE GALA 2015 ere bertso-festa alaia, koloretsua, eta partehartzailea izan dadin. Ez galdu zita historikoa!

 2015a urte berezia izaten ari da ALBEkoontzat, eta baita gure inguruko bertsozale guztientzat ere. Izan ere, ahalegin berezia egiten ari gara gure 35. urtebetetzea behar den moduan ospatzeko, eta bestetik, lau haizetara zabaltzen ari gara harro gaudela gure orain arteko ibilbidearekin, eta beste urte askoan segitu nahi dugula bertsotan gozatzen, hitza arte bihurtzen eta bertsolari artistak sortzen.

Algortako IGERETXEn egingo dugu gala hori, abenduaren 12an (larunbatean), eta sorpresaz beteriko arratsalde-gaua agintzen dizuegu. Hori bai, galaz jantzi beharko duzue, ekitaldia benetan galakoa izan dadin…

Hona hemen ekitaldiaren egitaraua:                       

18:00etan Harrera, aperitifa eta photocalla.
18:30ean Aurkezpena, bertsoak, ikusizkoak eta sariak.
20:00etan Otordua: ABRA cocktaila.
22:00etan Bertsopaperak, topaketa... cavarekin, eta sorpresa txinpartatsua.
22:30ean Dantzaldia GOZATEGI musika-taldearekin.

ALBEk eskerrik beroenak eman nahi dizkizue aldez edo moldez, zuzen zein zeharka, berbaz nahiz ekintzaz urteurren-urte hau zoragarria izan dadin lagundu diguzuen guzti-guztioi. Euskal kulturak batzen gaitu, plazakoak gara eta plazan elkartuko gara. Ondo izan!