Abuztuaren 7an, osteguna, Gorlizko kale-tabernetatik zehar kantuan izango ditugu Inazio Vidal eta Oihana Iguaran bertsolariak. Ibilbidea Elizako plazan hasiko da, 20:00etan, Gentzane Fernandez eta Ander Trabudua musikariek lagunduta.

Abuztuaren 7an, osteguna, Gorlizko kale-tabernetatik zehar kantuan izango ditugu Inazio Vidal eta Oihana Iguaran bertsolariak. Ibilbidea Elizako plazan hasiko da, 20:00etan, Gentzane Fernandez eta Ander Trabudua musikariek lagunduta.
Aurten ere Algortako jaietan bertsoez gozatzeko aukera izango dugu uztailaren 30eko, 31ko eta abuztuaren 1eko bertso saioekin. Urtero bezala, 31n, San Inazio egunean, BERTSO MARATOIAren eguna izango da: eguerdiko saioaren ostean Gure Toki jatetxean bertso bazkaria izango dugu eta, amaitzeko, bertso poteo musikatua ordu txikiak arte. Anima zaitez eta eman izena!
Gorlizko Santiago jaiak uztailaren 24an hasi eta lau egunez iraungo dute eta, azken egunean, uztailaren 28an, bertso saioa egongo da urtero lez. 19:00etan hasita, Imanol Uria, Xabat Illarregi, Saioa Alkaiza eta Alaia Martin bertsolariak izango ditugu elizako plazan kantuan, Beñat Vidal gai-jartzaileak gidatuta.
Kepa Arrizabalaga, Gatikako pandero jole handia, joan egin zaigu, ez gure artean panderolari errimearen eta kantari zoliaren eredua utzi barik. Goian bezain gugan bego!
Txori bat isildu da / gure inguruan, / kantuan ebilena / uda zein neguan. / Kepa, pandero hotsa / entzunda orduan / hasiko gara kantuz / zugaz akorduan / pozik entzun gaizuzan / zagozen lekuan! ALBEko lagunak
Taldekako Xilabako finala Izturitzeko Herriko gelan jokatu zen azaroaren 16an, 300 pertsonen aurrean. Herri bazkariaren baten ondoren, Arberoa ikastolako haurrek eman zioten saioari hasiera klasean eginiko bertsoak kantatuz. EZ OTOI PENTSA eta HASTA LA 2TORIA taldeek bertso umoretsu eta ederrekin agurtu zituzten ikusleak eta maila mantendu zuten saio osoan zehar. Azkenean, baina, Maddi Ane Txoperena, Miren Artetxe, Josu Txoperena eta Gorka Artetxe bertsolariek jantzi zuten txapela.
Saioak ikusteko sakatu hemen.
LAU LETRATXO izeneko bertsoak orobiltzen du ondoen gure eskolaren funtsa eta izaera:
Lau letratxo elkarren ondoan
akronimoa da, brabo!
eta atzean bertso-eskola bat…
Parkatu, askoz gehiago!
A, L, B eta ondoan E,
ALBE lez ezagunago,
bertsolari bik sortu zutena
gaur baino askoz lehenago.
Laurogeian sortu zuten eta
ez ote dugu arraro
hainbeste urtez iraun izana
bertsogintzaren abaro;
Sekretutxo bat badauka baina
irauteak aroz aro:
ALBEN AHOTSAK UGARI DAUDE
BIHOTZA BAKARRA DAGO!!!
Eskolak ematea
Transmisioa ALBEren helburu estrategiko nagusia dela esan genezake, erratzeko beldur handirik gabe. Bertsolariak sortu nahi ditugu, hitza arte bihurtuko duten bertsolari artistak, hain zuzen ere (35. urteurreneko leloak dioen moduan); eta horrek ondo koipeztutako makineria martxan jartzea eskatzen du, ezinbestean. Eskolatik bertsolari-eskolarako jauzia ematen laguntzeko hainbat irakasle eta laguntzaile ditugu. Eurak dira gure proiektuaren zutabe nagusietako bat. .
Ekitaldien antolaketa
Sustapenak ere garrantzi izugarria dauka gurean, bertsolariek inguru egokia behar baitute, beren dimentsio guztietan garatuko badira. Gure urteroko bertso-agenda ikaragarria da. 30 ekitaldi inguru, haietariko zenbait erreferente argiak direnak Euskal Herri mailan. Halandaze, bide beretik jarraitzeko borondate irmoa daukagu..
Ikerkuntza eta berrikuntza lanak
“Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu” dio esaera zaharrak. Eta horregatik gara gu atzera begiratzen honen zaleak: etorkizunean urrats sendoak eman nahi ditugulako! Une oro ari gara ALBEkideok pentsatzen zer ekitaldi berri sortu, kudeaketa zelan hobetu, emaitzak zelan ugaritu, jende gehiagorengana zelan heldu… Eta arlo horretan ez daukagu bide erdian gelditzeko ezertariko asmorik. Ez horixe!
Elkarlana
Zorionez, gure helburu anbiziotsuak betetzeko ahaleginean ez gaude bakarrik. Bidelagun ditugu erakundeak, elkarteak, eragileak, zaleak… Haiekin batera eta neurri handi batean haiei esker iritsi gara gauden tokiraino, eta haiekin batera jarraitu nahi dugu bidean aurrera. Mila esker guzti-guztioi bihotz-bihotzez!