Ase Bertsoz ekimena, hilean behingo bertso gozamena
Ase Bertsoz ekimena 2019ko urrian jaio zen, ALBEren eta Azebarriren arteko elkarlanari esker. Planteamendu sinplea dakar ekimenak: hilean behin (ahal dela, hileko akabuko ostegunean) otordutxo baten aitzakian bildu eta bertsotan ekin asetu arte. Jatordu bertsotsuok Azebarriren txoko ederrean izaten dira eta bertsolariak ALBEko harrobiko belaunaldi guztietakoak. Hiru ordu inguruko bertso-jardunak izaten dira, era guztietako bertso-ariketak planteatzen dira eta kolore eta zapore guztietako kantuak eta bertsoak entzuten dira. Parte-hartzaileak politto asetuta erretiratu ohi dira Mari Errauskinen orduan (asegaitzenek kale-tabernetan ematen diote errematea txokoan hasitako bideari).
Irlandar musika, dantza, garagardoa eta bertsoak!
Luzea da bertso saio tematiko honen historia. 2011n jaio zen eta aspaldion urte birik behin egin ohi dugu. Lehenago bertso afari eran antolatzen genuen. Baina 2019ko ediziorako formatua aldatzea erabaki genuen. Bertso afari formatutik tabernako ekitaldi irekira. Hori bai, tematikoa izaten jarraitzen du. Aurtengoaren gai nagusia Irlanda izan da.
Mundialaren herria
Bertso Jaialdi Mundialeko bertsolariak eszenatokian

2019ko uztailaren 12a egun eguzkitsu eta ederra izan zen, jendea kalera bultzatzen dituen horietakoa. Algortako plaza eta terrazak bazkalostetik bete ziren. 21:00ak baino pixka bat lehenago, inguruko bertsozaleak haien edariak amaitu eta ordaindu, terrazak utzi edota autoak aparkatu eta Muxikebarri zentrorantza abiatu ziren poliki-poliki. Zergatik? Bertso Jaialdi Mundiala hastear zegoelako, noski!

Pasadan urteetan Biotz Alai plazan ospatu ziren Mundialak, giro informalago batekin. Hori dela eta, antolatzaileak nahiko urduri zebiltzan aurten leku aldaketa zela eta. Muxikebarrik plazarekin konparatuta onurak eta trabak zituen arren, jaialdia bera edonon eginda ere mundiala zela ikusi zen. ALBEko antolatzaileek eta zentroko teknikariek lan asko egin behar izan zuten, baina aitortu behar da emaitza hobeezinak lortu zituztela.

2018ko ARGIA EREITEN saria ALBEri eman zion Getxoko Udalak

2018ko azaroaren 28an egin zen Erromoko Kultur Etxean Getxoko euskal eragileen lana eskertzeko Getxoko Udalak urtero egin ohi duen gala. Aurtengo ekitaldian Getxon zein Uribe Kostan ondo ezaguna den kultur elkartea omendu zuten: Algortako Bertsolari Eskola «ALBE».

Bertsojira apoteosikoa Erromoko jaietan
Iragan handiko jaialdiaren etorkizun oparoa!

Tik-tak, tik-tak… uztailean hasi zen Bertso Jaialdi Mundialerako atzerako kontaketa… tik-tak, tik-tak… airean betiko galdera: aurtengoan zer gai egokituko? Tik-tak, tik-tak… Uztailaren 11 egutegian gorriztatu… tik-tak, tik-tak… lagunekin geratu: Mundialera bai, ezta? Galdetzea ere! Ez nuke ezergatik ere galduko! Tik-tak, tik-tak… Karpa begibistan, barruan aterpe gozoa, giroan poza, zalantza, ezinegona… tik-tak, tik-tak… Jarleku ona, konpainia hobea, eta onena etortzeko… tik-tak, tik-tak. Argiak, soinua, erlojuaren orratz txikia 9an eta handia 12an. Mirenen ahots gozoa entzuleen belarrietan urre. Mundua lotu bedi. Ordu pare batez bertsolarien, gaijartzaileen eta ALBEko antolatzaileen magiaren mirabe. Gozatzea lege.