UXUE ALBERDIK ETA OIHANA IGUARANEK ERAKUSTALDI BIKAINA EGIN ZUTEN ITZUBALTZETAKO KALE-TABERNETAN

Erromoko bertsojirak azken urteetan momentu gogoangarriak utzi izan dizkigu. Urtero hurbildu garenok izan gara horren lekuko eta agendan gorriz markatzeko saio horietakoa dela badakigu: 2018ko abuztuaren 2an, 21:00etan Erromoko txosna-gunetik abiatuta, Uxue Alberdi eta Oihana Iguaranen bertsojira. Markatuta.

Joan ginen eta damurik ez.                     

Aurtengoan ez gara momentuekin konformatu, eta bere osotasunean izan da gogoangarria: BIBA UXUE ETA OIHANA!

Egun eta ordu aldaketa proposatu zuten jai-batzordekoek   (aurreko urteetako zapatu klasikotik eguenera, eta orduz beranduago), kaleetan zehar giro beroagoa topatuko genuelakoan, eta Erromoko kalearte batzuetan erre ere egin ginen!

Izkina bakoitzean kontzertua zegoen, gure trikiaren soinua ere irensteraino tarteka. Ez zen osatu pelotoi finko handirik, baina bai fidela, eta tabernatik tabernara zeharkatu behar zen jende ginkana irribarrea, gogoa eta edalontzi berrerabilgarria galdu barik zeharkatzen zuten. Meritua talde-buruena izan zen zalantza barik!

Lehenengo saiotxoa txosna-gunean bertan izan zen, eta gustura zeudela antzematen zen, laster sentiarazi baikintuzten gustura gainontzekook ere.

Hurrengo tabernak Branka, Txiskales (ala Arrantzale? Ala Lola´s? egon ginenok badakigu zertaz ari naizen), Museoa…. mikronikatik makronikara ezin saltorik egin eta, egon ginenon arteko sekretua izango da entzundakoa, baina sinistu esaten badizuet ez zela bertsorik alperrik kantatu, eta ez zela txalorik dohainik jo (eta bertso asko eta txalo aaaasko joan ziren).

Azken aurreko tabernan bai egingo dut geldialdi bat, JAI ALAI hain zuzen ere, bertan gertatukoa ezin delako sekretuan gorde (hitzez adieraztea zaila izango bada ere). Biribil txikia osatu genuen bertsozaleok Erromo eta Areeta arteko mugan, bi terraza handiren artean. Hasi ziren bertsotan eta terrazan lasai afaltzen ari zirenen arreta ez zen apartekoa. Gu, gustura geunden, Erromo, Areeta eta Neguriri buruz bertsolariek zerbait bazekitela argi uzten ari ziren. Baina, halako batean, doinua aldatu eta SEGIDILLA inportatuan hasi ziren. Apoteosia. Uxuek erritmoa txaloka emateko eskatu zuenerako, terrazatakoek aulkiak gurekiko jiratuta zeuzkaten, eta oinez pasoan zebilen jendea era geldi eta adi. Ez dakit zenbatek ulertuko zuten esaten ari zirena, benetan, baina hain zen deigarria zerabilten bizitasuna eta hor geundenon gozatua, isiltasun handia sortu zela bat-batean, amaitu zutenean txalokadak lehertu zuen arte. Benetan kriston saioa!

Azken tabernan (Iratxon) kantatutakoa, lasaiagoa, intimoagoa, sekretua izango da ere, baina sinistu esaten badizuet ez zuela behera egin, ezinezkoa ematen zuen arren, erakusten ari ziren jarrera eta bertso-maila mantendu, eta bukaera bikaina eman ziguten.

BIBA OIHANA ETA UXUE!

Eta zuek gogoratu: markatu datorren urteko Erromoko bertsojira ezinbesteko saio gisa!