GURE! jaialdiarekin eta Tartanga ikastetxearekin elkarlanean, otsailaren 7an 14:00etan, Bodega Riojanon izango ditugu Unai Mendiburu eta Paule Loizaga bertsolariak Erandioko tabernak girotzen! Anima zaitezte, giro paregabea egongo da eta!
GURE! jaialdiarekin eta Tartanga ikastetxearekin elkarlanean, otsailaren 7an 14:00etan, Bodega Riojanon izango ditugu Unai Mendiburu eta Paule Loizaga bertsolariak Erandioko tabernak girotzen! Anima zaitezte, giro paregabea egongo da eta!
Euskal Herriko 8 bertsolari gazte Getxoko uretan lehiatuko dira 7an, larunbata: June Aiestaran, Beñat Zeberio, Enara Gallastegi, Irune Basagoiti, Aitor Tatiegi, Bittor Altube, Kattin Madariaga eta Hegoi Amabizka. Lehenengo kanporaketa 17:30an jokatuko da Saniko tabernan, eta bigarrena 19:00etan Las Barreras tabernan. Finala 21:00etan hasiko da Abian elkartean. Nork jantziko ote du Abrako txapela?
Urtea ondo amaitzeko, abenduaren 30ean bertso poteoa daukagu Algortan, Abian kultur elkartearekin batera antolatuta. Unai Mendiburu eta Amets Arzallus bertsolariak kantuan izango ditugu 20:00etan Triku tabernan, ondoren Mugarrin eta ibilbidea Abian elkartean amaituko dute. Ez hutsik egin bertso urteko azken saiora!
Agendan dagoeneko finkatuta dagoen saioa da Erandioko bertso jira musikatua, Berbotsekin batera antolatuta. Aurten, abenduaren 26an, Nerea Ibarzabal eta Etxahun Lekue bertsolariak izango ditugu kantuan, 20:30ean Estrella tabernatik hasita. Musika Kulunkan taldeko kideek jarriko dute. Anima zaitez, bertsozale, eta erdu gurekin!
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren laugarren final-zortzirena Zumaian jokatu zen irailaren 22an. Aita Mari Zineman aritu ziren Ander Lizarralde Jimeno, Beñat Jauregi Etxeberria, Gorka Maiz Alustiza, Iñigo Gorostarzu Etxebeste, Jokin Bergara Eguren eta Unai Muñoa Amundarain. Gorka izan zen saioaren irabazlea, 441 puntu lortuta, eta Eibarreko final-laurdenetan arituko da urriaren 26an.
LAU LETRATXO izeneko bertsoak orobiltzen du ondoen gure eskolaren funtsa eta izaera:
Lau letratxo elkarren ondoan
akronimoa da, brabo!
eta atzean bertso-eskola bat…
Parkatu, askoz gehiago!
A, L, B eta ondoan E,
ALBE lez ezagunago,
bertsolari bik sortu zutena
gaur baino askoz lehenago.
Laurogeian sortu zuten eta
ez ote dugu arraro
hainbeste urtez iraun izana
bertsogintzaren abaro;
Sekretutxo bat badauka baina
irauteak aroz aro:
ALBEN AHOTSAK UGARI DAUDE
BIHOTZA BAKARRA DAGO!!!
Eskolak ematea
Transmisioa ALBEren helburu estrategiko nagusia dela esan genezake, erratzeko beldur handirik gabe. Bertsolariak sortu nahi ditugu, hitza arte bihurtuko duten bertsolari artistak, hain zuzen ere (35. urteurreneko leloak dioen moduan); eta horrek ondo koipeztutako makineria martxan jartzea eskatzen du, ezinbestean. Eskolatik bertsolari-eskolarako jauzia ematen laguntzeko hainbat irakasle eta laguntzaile ditugu. Eurak dira gure proiektuaren zutabe nagusietako bat. .
Ekitaldien antolaketa
Sustapenak ere garrantzi izugarria dauka gurean, bertsolariek inguru egokia behar baitute, beren dimentsio guztietan garatuko badira. Gure urteroko bertso-agenda ikaragarria da. 30 ekitaldi inguru, haietariko zenbait erreferente argiak direnak Euskal Herri mailan. Halandaze, bide beretik jarraitzeko borondate irmoa daukagu..
Ikerkuntza eta berrikuntza lanak
“Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu” dio esaera zaharrak. Eta horregatik gara gu atzera begiratzen honen zaleak: etorkizunean urrats sendoak eman nahi ditugulako! Une oro ari gara ALBEkideok pentsatzen zer ekitaldi berri sortu, kudeaketa zelan hobetu, emaitzak zelan ugaritu, jende gehiagorengana zelan heldu… Eta arlo horretan ez daukagu bide erdian gelditzeko ezertariko asmorik. Ez horixe!
Elkarlana
Zorionez, gure helburu anbiziotsuak betetzeko ahaleginean ez gaude bakarrik. Bidelagun ditugu erakundeak, elkarteak, eragileak, zaleak… Haiekin batera eta neurri handi batean haiei esker iritsi gara gauden tokiraino, eta haiekin batera jarraitu nahi dugu bidean aurrera. Mila esker guzti-guztioi bihotz-bihotzez!