Gaine-gainean daukagu uda eta udak dakartzan ikasturte amaierako festak, herrietako jaiak... Hona hemen ALBErtsolariek non kantatuko duten ekaineko hilean:
Gaine-gainean daukagu uda eta udak dakartzan ikasturte amaierako festak, herrietako jaiak... Hona hemen ALBErtsolariek non kantatuko duten ekaineko hilean:
Plan ederra daukagu aurtengoan: ginkana! ALBEko autobusa hartu eta 10:00etan Gorlizko pinudian izango gara Taupada Abenturak antolatutako frogei ekiteko prest.
Ondoren, herritik bertso-triki-poteoa egingo dugu, eta 15:00etan Arriolane garagardotegian bazkaldu. Bazkalostean, bertsoa nagusi.
Heldu da Getxoko bertsolaritza ikasleek benetako plaza dastatzeko eguna. Asteartean, ekainak 2, goizeko 10:00etan, Eskolatik Plazara ekimenak Algortako Muxikebarri zentroan batuko ditu, non Miren Artetxe eta Unai Mendiburu bertsolariak izango dituzten bidelagun, Nahikari Ayo irakaslearen gidaritzapean. Ikasleen familia-kideak eta lagunak ere ongietorriak izango dira!
Hogeitazazpi urte igaro dira Andoni Egañak Sebastian Lizasorekin Algortako San Nikolas plazako balkoietatik kantatu zuenetik saio mitiko honen lehenengo edizioan. Aurten, XXVIII.ean, Oihana Bartra izango du bertso kide Portu Zaharreko Etxetxu plazako balkoietatik kantatzeko. Ekainaren 19an, ostirala, 21:30ean. Gonbidatuta zaudete bertso historia eder honen parte izatera!

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko hirugarren finalaurrekoa Donibane Garazin jokatu da azaroaren 5ean, Ficoba aretoan. 2.510 bertsozaleren aurrean kantatu dute Ane Labaka Mayoz, Jone Uria Albizuri, Nerea Ibarzabal Salegi, Sustrai Colina Acordarrementeria, Maddalen Arzallus Antia eta Miren Artetxe Sarasola bertsolariek, Maialen Belarra Eneterreaga gai-emailearen gidaritzapean.
Sustrai Colina izan da saioaren irabazlea, 710 punturekin, eta zuzenean sailkatu da Baionako bigarren itzuliko finalaurrekora, azaroaren 26an jokatuko dena. Nerea Ibarzabal eta Jone Uria izan dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Saioaren sailkapena:
| Sustrai Colina | 710.00 |
| Nerea Ibarzabal | 673.00 |
| Jone Uria | 660.50 |
| Miren Artetxe | 644.50 |
| Maddalen Arzallus | 635.00 |
| Ane Labaka | 631.50 |
Informazio gehiago txapelketaren webgunean.
LAU LETRATXO izeneko bertsoak orobiltzen du ondoen gure eskolaren funtsa eta izaera:
Lau letratxo elkarren ondoan
akronimoa da, brabo!
eta atzean bertso-eskola bat…
Parkatu, askoz gehiago!
A, L, B eta ondoan E,
ALBE lez ezagunago,
bertsolari bik sortu zutena
gaur baino askoz lehenago.
Laurogeian sortu zuten eta
ez ote dugu arraro
hainbeste urtez iraun izana
bertsogintzaren abaro;
Sekretutxo bat badauka baina
irauteak aroz aro:
ALBEN AHOTSAK UGARI DAUDE
BIHOTZA BAKARRA DAGO!!!
Eskolak ematea
Transmisioa ALBEren helburu estrategiko nagusia dela esan genezake, erratzeko beldur handirik gabe. Bertsolariak sortu nahi ditugu, hitza arte bihurtuko duten bertsolari artistak, hain zuzen ere (35. urteurreneko leloak dioen moduan); eta horrek ondo koipeztutako makineria martxan jartzea eskatzen du, ezinbestean. Eskolatik bertsolari-eskolarako jauzia ematen laguntzeko hainbat irakasle eta laguntzaile ditugu. Eurak dira gure proiektuaren zutabe nagusietako bat. .
Ekitaldien antolaketa
Sustapenak ere garrantzi izugarria dauka gurean, bertsolariek inguru egokia behar baitute, beren dimentsio guztietan garatuko badira. Gure urteroko bertso-agenda ikaragarria da. 30 ekitaldi inguru, haietariko zenbait erreferente argiak direnak Euskal Herri mailan. Halandaze, bide beretik jarraitzeko borondate irmoa daukagu..
Ikerkuntza eta berrikuntza lanak
“Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu” dio esaera zaharrak. Eta horregatik gara gu atzera begiratzen honen zaleak: etorkizunean urrats sendoak eman nahi ditugulako! Une oro ari gara ALBEkideok pentsatzen zer ekitaldi berri sortu, kudeaketa zelan hobetu, emaitzak zelan ugaritu, jende gehiagorengana zelan heldu… Eta arlo horretan ez daukagu bide erdian gelditzeko ezertariko asmorik. Ez horixe!
Elkarlana
Zorionez, gure helburu anbiziotsuak betetzeko ahaleginean ez gaude bakarrik. Bidelagun ditugu erakundeak, elkarteak, eragileak, zaleak… Haiekin batera eta neurri handi batean haiei esker iritsi gara gauden tokiraino, eta haiekin batera jarraitu nahi dugu bidean aurrera. Mila esker guzti-guztioi bihotz-bihotzez!