Apirilean sarri euri eta euri egin ohi du, baina eguzki eta bertso plazekin hasi dugu aurten hilabetea. Hona hemen ALBEko bertsolariek non kantatuko duten:

Apirilean sarri euri eta euri egin ohi du, baina eguzki eta bertso plazekin hasi dugu aurten hilabetea. Hona hemen ALBEko bertsolariek non kantatuko duten:
Urtero lez, Berbots elkarteko lagunek Kanpomartxo egunpasa antolatu dute Erandion; aurten Martiartu auzoan izango da apirilaren 6an, domekan. Goizetik iluntzera arte egingo diren ekintza eta ikuskizunen artean, 13:30ean Unai Mendibururen eta Amaia Iturriotzen bertsoekin gozatzeko aukera izango dugu. Anima zaitezte!
Aintzaldu daigun Irune zena, / etxe oneko alaba: / bihotzean eroango zaitugu / goazenean plazara! / BETI ARTE, IRUNE!!
ALBEko lagunak
Maiatzaren 8an hasiko da Udabarria bertsotan, 2025ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea. Maiatzeko lau eguenetan egingo diren zortzi saioetan 48 bertsolarik hartuko dute parte; horietatik bederatzi ALBEkoak dira: June Diaz, Imanol Uria, Inazio Vidal, Aitor Esteban, Kerman Diaz, Paule Loizaga, Peru Vidal, Peru Irastortza eta Naroa Torralba. Zorte on guztioi!
Korreseko kanporaketa BERTSOLARRIAK eta KAKITURRIKO GLADIOLOREAK taldeen artean jokatu zen urtarrilaren 24an. Korreseko tabernan, 21:00etan, afaldu eta Mendialdeko bertso eskolako kideek prestatutako bertso-sorta entzun ondoren eman zitzaion hasiera saioari. Bi taldeek giro onean eta barre algara artean bota zituzten koplak, baina saioaren amaieran KAKITURRIKO GLADIOLOREAK taldeari eman zioten garaipena.
BERTSOLARRIAK taldeko kideak Alberto Txasko, Itxaso Balza de Vallejo, Eli Plazaola, Eneko Alonso, Fernando Antia Txiki, Jon Ruiz de Pinedo, David Antzuola, Lorea Elorriaga, Rebeka Gonzalez de Alaiza eta Miren Beitia dira.
KAKITURRIKO GLADIOLOREAK taldea Juan Mari Juaristi, Asier Otamendi, Rikardo Gonzalez de Durana, Xabi Rico, Ander Aranburu, Patxi Epelde, Karmele Madinabeitia, Garazi Gonzalez de Durana, Alberto Martinez Beitto eta Jon Zelaieta bertsolariek osatzen dute.
Informazio gehiago Bertsozale Elkartearen webgunean.
LAU LETRATXO izeneko bertsoak orobiltzen du ondoen gure eskolaren funtsa eta izaera:
Lau letratxo elkarren ondoan
akronimoa da, brabo!
eta atzean bertso-eskola bat…
Parkatu, askoz gehiago!
A, L, B eta ondoan E,
ALBE lez ezagunago,
bertsolari bik sortu zutena
gaur baino askoz lehenago.
Laurogeian sortu zuten eta
ez ote dugu arraro
hainbeste urtez iraun izana
bertsogintzaren abaro;
Sekretutxo bat badauka baina
irauteak aroz aro:
ALBEN AHOTSAK UGARI DAUDE
BIHOTZA BAKARRA DAGO!!!
Eskolak ematea
Transmisioa ALBEren helburu estrategiko nagusia dela esan genezake, erratzeko beldur handirik gabe. Bertsolariak sortu nahi ditugu, hitza arte bihurtuko duten bertsolari artistak, hain zuzen ere (35. urteurreneko leloak dioen moduan); eta horrek ondo koipeztutako makineria martxan jartzea eskatzen du, ezinbestean. Eskolatik bertsolari-eskolarako jauzia ematen laguntzeko hainbat irakasle eta laguntzaile ditugu. Eurak dira gure proiektuaren zutabe nagusietako bat. .
Ekitaldien antolaketa
Sustapenak ere garrantzi izugarria dauka gurean, bertsolariek inguru egokia behar baitute, beren dimentsio guztietan garatuko badira. Gure urteroko bertso-agenda ikaragarria da. 30 ekitaldi inguru, haietariko zenbait erreferente argiak direnak Euskal Herri mailan. Halandaze, bide beretik jarraitzeko borondate irmoa daukagu..
Ikerkuntza eta berrikuntza lanak
“Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu” dio esaera zaharrak. Eta horregatik gara gu atzera begiratzen honen zaleak: etorkizunean urrats sendoak eman nahi ditugulako! Une oro ari gara ALBEkideok pentsatzen zer ekitaldi berri sortu, kudeaketa zelan hobetu, emaitzak zelan ugaritu, jende gehiagorengana zelan heldu… Eta arlo horretan ez daukagu bide erdian gelditzeko ezertariko asmorik. Ez horixe!
Elkarlana
Zorionez, gure helburu anbiziotsuak betetzeko ahaleginean ez gaude bakarrik. Bidelagun ditugu erakundeak, elkarteak, eragileak, zaleak… Haiekin batera eta neurri handi batean haiei esker iritsi gara gauden tokiraino, eta haiekin batera jarraitu nahi dugu bidean aurrera. Mila esker guzti-guztioi bihotz-bihotzez!