Udaberrian bete-betean sartu gara, eguzki eta euri, eta ALBEko bertsolariak Euskadi osoko plazetan kantatzen jarraitzen dute. Hona hemen hil honetan non kantatuko duten:
Udaberrian bete-betean sartu gara, eguzki eta euri, eta ALBEko bertsolariak Euskadi osoko plazetan kantatzen jarraitzen dute. Hona hemen hil honetan non kantatuko duten:
Badator Korrikaren 24. edizioa, eta ALBEkook prest gaude euskararen aldeko ekimen honetan parte hartzeko, aurten Azebarri kultur elkartearekin eta Algortako Bote Luze taldearekin batera. Ostegunean, martxoak 26, Algortan hartuko dugu lekukoa 2158. kilometroan, 11:39ean.
Martxoaren 13an Korrikaren aurkezpena egingo da Algortan. Antolatu diren ekintzen artean, 19:00etan Biotz Alai plazatik bertso poteoa abiatuko da Azebarri kultur txokorantza. Kantuan Etxahun Lekue eta Unai Mendiburu bertsolariak izango ditugu. Anima zaitezte!
Otsailaren 7an Abra Sariaren XXV. edizioa jokatu zen Algortan. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik etorritako zortzi bertsolari gazte bi kanporaketetan lehiatu ziren. Finalera June Aiestaran, Irune Basagoiti, Bittor Altube eta Kattin Madariaga heldu ziren, eta azkenean, Bittor nagusitu zen. Zorionak!
Bertso-ekitaldi hau jaioberria dugu, 2015ekoa lehenengoa izango baita, baina ideia aspaldikoa dugu. Bertsoen, herri-musikaren eta dantzaren arteko harremana begien bistakoa da: badira kantak eta dantzak bilakatu diren bertsoak, eta bertsolariek sarri kantatu izan dituzte musikarien abestiak; bai eta -gaur egun ohikoa ez den arren- askotan jarri dituzte dantzariak dantzan gure herri-bertsolariek. Kontua da ekitaldi berri honetan hiru jarduera horien arteko harremanetan sakondu gura dela. Egitarauan bertsoek izango dute protagonismorik handiena, jaialdiaren haria eramango baitute oholtzatik. Musikariek alaitasuna eta bizitasuna ipiniko dute, eta dantzariek kolorea eta mugimendua. Algortako Gobela futbol-zelaian izango da (herritarrek Maracaná deitu ohi duten horretan), eta ostean herri bazkaria izango da Fadurako garagardotegian. Aurtengoa lehenengoa dugun arren, ez daukagu zalantzarik ez dena azkena izango!
LAU LETRATXO izeneko bertsoak orobiltzen du ondoen gure eskolaren funtsa eta izaera:
Lau letratxo elkarren ondoan
akronimoa da, brabo!
eta atzean bertso-eskola bat…
Parkatu, askoz gehiago!
A, L, B eta ondoan E,
ALBE lez ezagunago,
bertsolari bik sortu zutena
gaur baino askoz lehenago.
Laurogeian sortu zuten eta
ez ote dugu arraro
hainbeste urtez iraun izana
bertsogintzaren abaro;
Sekretutxo bat badauka baina
irauteak aroz aro:
ALBEN AHOTSAK UGARI DAUDE
BIHOTZA BAKARRA DAGO!!!
Eskolak ematea
Transmisioa ALBEren helburu estrategiko nagusia dela esan genezake, erratzeko beldur handirik gabe. Bertsolariak sortu nahi ditugu, hitza arte bihurtuko duten bertsolari artistak, hain zuzen ere (35. urteurreneko leloak dioen moduan); eta horrek ondo koipeztutako makineria martxan jartzea eskatzen du, ezinbestean. Eskolatik bertsolari-eskolarako jauzia ematen laguntzeko hainbat irakasle eta laguntzaile ditugu. Eurak dira gure proiektuaren zutabe nagusietako bat. .
Ekitaldien antolaketa
Sustapenak ere garrantzi izugarria dauka gurean, bertsolariek inguru egokia behar baitute, beren dimentsio guztietan garatuko badira. Gure urteroko bertso-agenda ikaragarria da. 30 ekitaldi inguru, haietariko zenbait erreferente argiak direnak Euskal Herri mailan. Halandaze, bide beretik jarraitzeko borondate irmoa daukagu..
Ikerkuntza eta berrikuntza lanak
“Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu” dio esaera zaharrak. Eta horregatik gara gu atzera begiratzen honen zaleak: etorkizunean urrats sendoak eman nahi ditugulako! Une oro ari gara ALBEkideok pentsatzen zer ekitaldi berri sortu, kudeaketa zelan hobetu, emaitzak zelan ugaritu, jende gehiagorengana zelan heldu… Eta arlo horretan ez daukagu bide erdian gelditzeko ezertariko asmorik. Ez horixe!
Elkarlana
Zorionez, gure helburu anbiziotsuak betetzeko ahaleginean ez gaude bakarrik. Bidelagun ditugu erakundeak, elkarteak, eragileak, zaleak… Haiekin batera eta neurri handi batean haiei esker iritsi gara gauden tokiraino, eta haiekin batera jarraitu nahi dugu bidean aurrera. Mila esker guzti-guztioi bihotz-bihotzez!